Zer da Euskaraldia?
Euskaraz ulertzen dutenen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabalduta eta denboraz mugatuta. 2018an 11 egun iraun zuen, 2020an 15 egun iraungo du.
Nondik dator Euskaraldia?
2016az geroztik, hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimen herrikoi eta arrakastatsuak burutzen hasi ziren Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan: Donostiako Egia auzoan, Agurainen, Lasarte-Orian, Arrigorriagan, Lizarran, Miarritzen, Murgian… 2018an Euskal Herri osoan eta modu bateratuan antolatzea erabaki zen.
Nork antolatzen du Euskaraldia?
Eragile sozialek eta instituzio publikoek elkarlanean antolatzen dugu. Lautadan ere elkarlanean, Lautadako Euskararen Komunitatea, 8 udalekin eta Lautadako Kuadrillarekin koordinatuta. Lautadan Talde Koordinatzaile bat dago.
Zer lortu nahi dugu?
Epe ertain batean gizartearen hizkuntza arauak aldatu nahi ditugu. Hauexek:
-Ulertzen duenari euskaraz egitea ondo ikusita egotea, nahiz eta solaskideak erdaraz erantzun.
-Ezezagunei lehenengo hitzak euskaraz egitea ondo ikusita egotea.
-Talde erdaldunetan ere, ulertzen dutenekin, ondo ikusita egotea euskaraz egitea.
Eta hizkuntza arauak aldatzeko berdintasun egoera lortu nahi dugu non aukera berdinak eduki hizkuntza batean edo bestean hitz egiteko. Kide guztiek euskaraz ulertzen dutenean ematen da berdintasun egoera, bestela ez dago berdintasunik. Hau lortzeko entitateek neurriak hartu behar dituzte.
Zer egin behar dugu?
Herri edo entitate batean, euskarazko joera zilegi bihurtuko duten baldintza soziala eraiki behar dugu.
Nola lortu baldintza soziala?
Herrietan, era kolektiboan, gero eta Ahobizi eta Belarriprest gehiago izanez.
Entitateetan, hizkuntza-berdintasuna helburu, beren hizkuntza arauak aldatzeko neurriak hartuz.
Nork har dezake parte Euskaraldian?
Euskaraz ulertzen duten 16 urtetik gorako herritarrek eman dezakete izena. Norberak erabakiko du Ahobizi edo Belarriprest roletan izena eman, eta Euskaraldiak irauten duen bitartean belarriprest edo ahobizi txapa jantziko du.
Hizkuntza ohiturak aldatzeko gutxieneko baldintza bermatzen duten entitateek Euskaraldiko ariketa egin dezakete. Hurrengo baldintzetako bat edo biak bete beharko dituzte:
• Barne-eremu bat izatea, gutxienez. Barne-eremua, kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten multzo batek osatzen duen taldea da, elkarrekin aritzeko ohiko dinamika duena. Eremua ez da entitatea bera, entitate hori osatzen duten azpi taldeak baizik; udaletxe bateko administrazio saila, kirol klub bateko talde bat edota banketxe handi bateko bulego bat izan daiteke, esaterako. Eremua osatzeko talde horretako kideek eremu gisa ariketa elkarrekin egitea adostea beharrezkoa izango da. Kide bakoitzak ahobizi edo belarriprest izango den erabakiko du.
• Kanpo-eremu bat izatea, gutxienez. Herritarrekiko harreman-espazioetan uneoro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela bermatu beharko du entitateak, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko aukera izan dezaten. Horrelako espazioak izango dira jendaurreko edo harrera postuak, supermerkatuetako kutxak, telefonoan egongo diren kideak, tabernariak edo dendariak, besteak beste.
Entitate batek entitate gisa ariketa egiteko gutxieneko baldintzak betetzen ez baditu?
Euskaraz ulertzen duen pertsona-talderik (barne-eremuak) edota herritarrei zerbitzua euskaraz eskaintzeko
kiderik (kanpo-eremuak) ez duten entitateei prozesuan sartzeko aukera emango zaie, nahiz eta ezingo duten ariketan parte hartu. Bi esparrutan lan egitea proposatuko zaie:
• Datozen edizioetara begira aurrera pausuak ematen hasteko urratsak ematen hastea. Horretarako, neurri proposamenak egingo zaizkie.
• Entitate barruan ahobizi edo belarriprest gisa Euskaraldian parte hartuko duten kideen ariketa babestu eta sustatzea.
Zer da Belarriprest izatea?
Belarriprestak erabakitzen du euskaraz edo erdaraz norekin eta noiz hitz egin; bere gaitasunaren, ohituraren, gogoaren, baimenaren, solaskidearen eta egoeraren arabera. Ahal duen guztietan euskaraz egingo dut, baina agian erdaraz erantzungo dizut. Hala ere, euskaraz ulertzen du eta berari euskaraz egitea nahi du.
Zer da Ahobizi izatea?
Ahobizik 2 konpromiso hartu ditu:
1.- Ulertzen duten GUZTIEI BETI euskaraz egiten die, nahiz eta solaskideak erdaraz erantzun.
2.- Ezezagunei euskaraz egiten die, haiek kontrakoa eskatu arte.
(Kontuz! Ahobizi izatea oso zaila da. Izan zaitez koherente zure buruarekin, ez esan Ahobizi zarela ezin badituzu konpromisoak bete. Belarriprest-ak erabakitzeko lizentzia har dekaze norekin eta noiz euskaraz egin)
Non gertatzen da Euskaraldia?
Bi urtetan behin Euskal Herriko herrietan gertatzen da. Ariketa kolektiboa eta masiboa da. Lautadan ere, Lautadako 8 udalerrietako 50 herrik baino gehiagok erabaki dute belarriprest-ahobizi metodologia sustatzea. Herritarrek izena ematen dute Ahobizi edo Belarriprest roletan, eta Euskaraldiak irauten duen egunetan, eguneroko bizitzan, familian, lagunen artean, ezagunekin, lankideekin… praktikara eramaten dute euskaraz ulertzen dutenekin. Garrantzi handikoa da ingurukoei proposatzea ahobizi edo belarriprest izatea. Zenbat eta gehiago izan orduan eta errazagoa izango da hizkuntza ohiturak aldatzea.
Entitateetan, atal bateko kide guztiek euskaraz ulertzen badute eta ados badaude hizkuntza arauak aldatzeko, ariketa gauzatuko da. Entiateak neurriak hartuko ditu.
Zer gertatuko da 2019-2020ko zikloan?
2019ko hasieran batzordean martxan ipiniko dira, herrietako entitateen mapeo egingo dute, lehentasunak markatuko dituzte entitateei proposatzeko, proposatzeko erak zehaztuko dituzte. Maiatzean entitateei parte hartzeko deia egiten hasiko da. Azaroan aitzindariak diren entitateak publikoki aurkeztuko dira, imitatzeko eredu gisa, eta entitateen izen ematea abenduan irekiko da.
2020an zehar entitateek neurriak hartuko dituzte entitateetan ahobizi eta belarriprest izatea errazago izan dadin. Herritarrak prestatzekoak martxan ipiniko dira, izen emate kanpaina irekiko da. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra Euskaraldia 15 Egun Euskaraz ariketa soziala burutuko da.
Eta bitartean, zer egin dezakegu?
Herriz herri eta hainbat enpresa eta entitatetan antolatzen ari diren batzordeetan parte har dezakezu. Herriko eragile eta euskaltzaleek antolatutako batzordeetan zure ekarpena egin eta inguruan Ahobizi eta Belarriprest berriak aktibatzen denok egin dezakegu gure ekarpena. Jarri gurekin harremanetan: lautadan.euskaraz@gmail.com, 605 29 09 51.
2018an Lautadan 11 Egun Euskaraz bideo-dokumentala (30 min)
2016an Agurainen 75 Ordu Euskaraz bideo-dokumentala (20 min