Martxoaren 26an, osteguna, 9:30etik 13:30tara, Dulantzin, Euskaraldiaren hizkuntza-praktika berriak talde batean nola adostu prozesuan sakontzeko mintegi bat antolatuko dugu, ondorengo izenburuarekin: Nola adostu talde batean Euskaraldiaren hizkuntza-praktika berriak?

2020ko Euskaraldian parte hartu nahi izango duten entitateek ariguneak aktibatu ahal izateko bete beharreko pausu bat da entitateko kideekin adostasuna lortzea. Eragile eta kide askori eragingo dien pausu honetan gehiago ezagutzeko beharra dugu.

Taldeko harremanetan adostasunaren bila jartzen garenean asko dira sortzen diren zalantzak: zergatik erabaki kolektiboa?, hizkuntza praktika berriak, nola adostu talde batean?, zer adostu daiteke?, adostutakoa, noiz ipini praktikan? Intuizioz erantzun ditzakegu galdera hauek edo esperientzia duten egitasmoetan oinarrituta eta oinarri teoriko batean oinarrituta. Helburu hori du mintegiak: entitate pribatu eta publikoen arduradunei oinarri teorikoak eta baliabide praktikoak ematea talde dinamika batean adostasuna lortzeko.

Euskaraldiak 3 hizkuntza-praktika berri normalizatu nahi du gizartean:
-Ulertzen duenari euskaraz egitea nahiz eta solaskideak erdaraz erantzun.
-Ezezagunei lehenengo hitzak euskaraz egitea.
-Talde erdaldunetan ere, ulertzen dutenekin, normala izatea euskaraz egitea

2019-2020ko zikloko Euskaraldiak taldea jarri du erdigunean, egituratuta dauden taldeak dira helburu. Esan dezakegu taldearen aroan sartu garela, hau da, hizkuntza-praktika berriak gizartean mamituko dira taldeetan mamitzen badira.

Mintegia ondorengoen arteko elkarlanean antolatzen ari gara: Arabako Foru Aldundia, Dulantziko Udala, Euskaltzaleen Topagunea eta Lautadako Euskararen Komunitatea.

Izena emateko 25 euro ingresatu behar da eta inskripziorako datuak bete, hemen: https://lautadaneuskaraz.eus/egitasmoak/mintegia2020/

Hona hemen egitaraua:

9:30. Ongi Etorria
Dulantziko Udala, Vital Fundazioa, Arabako Foru Aldundia

9:45. Zein faktorek eragiten dute adostasuna lortzeko? Andere Ormazabal, Ainhoa Narbaiza (Joxemi Zumalabe)

10:15. Nola izan portaera asertiboa hizkuntza-praktika berriak adostu nahi dituen talde batean? Ainhoa Lasa (EMUN)

10:45. Zergatik begiratu hizkuntza-praktikei talde ikuspegitik? Pablo Suberbiola (Soziolinguistika Klusterra)

11:15. Udal lantalde batean, nola proposatu hizkuntza-praktika berriak adosteko? Iraitz Lazkano (UEMA)

11:45. Kafea

12:30. Enpresaren eta langilearen interesen ikuspuntutik, zein argudio eman hizkuntza praktika berriak adosteko lantalde batean? Karmelo Ayesta

13:00. Zein pausu eman du Mugimendu Feministak hizkuntza-praktika berriak adosteko? Alazne Beltran de Lubiano (Bilgune Feminista)

13:30. Itxiera