Lautadako Euskararen Komunitateak, Dulantzin egindako asanbladan, 36 entitatetako arduradun eta 58 herritako ordezkari bildu zituen azaroaren 28an. Lautadako eragile sozialek hurrengo bi urtetarako erabakiak hartu zituzten Komunitatearen 2.asanbladan. 2017an eratu zen Lautadako Komunitatea eta, hizkuntza ohiturak aldatzeko helburu, Euskaraldiak artikulatu ditu eragile sozial hauek helburua gauzatzeko.

Egindako asanbladan hurrengo bi urtetarako lan ildoak aurkeztu eta onartu zituzten. Bi urterako proposamena lantzean kontutan hartu dira ondorengoak: Euskaraldiak Lautadan utzitako emaitzak eta ondorioak, Lautadako eragileen artean egindako hausnarketa-prozesuaren emaitzak, Euskal Herri mailan Kontseiluak aurkeztutako Hizkuntzen Eskubideak bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena eta Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Euskararen Dekretoa.

Asanbladak berretsi zuen 2017an hartutako erabakia, hau da, hizkuntza ohiturak aldatzea dela Lautadako Euskararen Komunitatearen helburua. Baina pausu bat gehiago eman nahi du, eta horretarako bi lan ildo proposatzen ditu hurrengo bi urtetarako, ondorengoak:

-Eguneroko harremanetan, talde egituratuetan eta informaletan, hizkuntza ohiturak aldatzeko eraginkorrak diren eta ikertuta dauden 3 metodologia erabiltzea: eusle metodologoia, ahobizi-belarriprest metodologia eta ulerrizketa metodologia; Euskaraldiari begira eta Euskaraldiatik kanpo. Hiru metodologia hauek Lautadako gizartearen eremu ezberdinetara egokitzeko aukera emango dute: eremu geografikoa, eremu formala (kolektiboak, establezimenduak, lantegiak…) eta eremu afektiboa. Beraz, mikro mailan aldaketa probokatzea da helburu: herri maila, entitateak eta bikoteak, familiak eta kuadrillak. Eremu bakoitzean erantzukizuna duten entitateak eta arduradunak hizkuntza ohitura aldaketan bidean ipintzeko garai da.

Meso mailan eragitea, hau da, Lautadako 8 udaletan eragitea. Elkarlanean, betebeharreko legedia bete dezaten eta hizkuntza eskubideak berma ditzaten. Udalerri batean udala da ahalmenik handiena duen entitatea, etengabe eragiten digu eguneroko bizitzan, beraz, oso eraginkorra da hizkuntza erabileran. Era berean, eredu izan behar da bere inguruko entitateentzat. Hizkuntzen Eskubideak bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena eta Euskararen Dekretua baliatuta neurri sorta bat proposatuko diegu Lautadako 8 udalei eta Kuadrillari. Zortzi udalen arteko konbergentzia prozesu baten ondoren Lautadako Euskaren Mahaia eratzea da helburua, Lautadako 9 instituzio publikoen ordezkari politikoek eta eragile sozialek hizkuntza politika adostu bat diseinatu ahal izateko.

Funtzionamendu instituzionala eta soziala egokitu behar dugu, eraginkortasuna lortzeko. Erantzukizuna eta interes-talde guztiak batera elkarrekin diagnosia eta egitekoen plangintza egin beharko dugu. Ondoren eragile bakoitzak beteko du bere funtzioa, eta berriro elkarrekin egingo genuke jarraipena eta ebaluazioa. Modu horretan lortzen da interes handien aurrean joko-zelai bateratu bat eta erantzun komunitarioak ahalbidetzea.