Panpoxa furgoneta iritsi zen atzo arratsaldeko seiak aldera Agurainera Joxe Mari Agirretxe
adiskidea gidari zuela. Izan ere, Joxe Marik eta Porrotxek hitzordua zuten aguraindarrokin.
Hitzordu garrantzitsua, Zabalarte etxean prestatutako txokoa bete baikenuen bertaratu
ginenok. Belarriak prest eraman genituen, eta bai Porrotxek eta baita Joxe Marik ere ahoa
bizi!!
Alaitasuna, maitasuna eta irribarreak zabaldu zituen atzokoan ere, eta argi utzi zigun nola: euskaraz. Euskara baloreak transmititzeko tresna ezin hobea zela erakutsi zigun, urteetan zehar jorratutako ibilbide arrakastatsua ikusi besterik ez dago. Lasarten modu xume xumean
hasi zena Euskal Herri osora, herrigintzatik irrigintzara. Maialen Lujanbioren hitzekin ere Joxe
Mari ados egongo delakoan gaude: “herri hau sortzen segi dezagun, euskaratik ta euskaraz”.