Ederra atzoko giroa Euskararen Basoak sortutako 3 herrietan. 11 egunak bukatzear daude, eta egun hauetan probatutako hizkuntza portaera berriek luzaro iraun behar duten mezua eman nahi dugu. 11 egunetan zehar beste modu batean konportatu bagara 12.egunean ere egin dezakegu.

 

 

Luzaro irauteko sinbolizatzeko asmoz 228 zuhaitz landatu genituen atzo. Dulantzi, Araia eta Agurain ondoko eremuetan Euskararen hiru Basoak sortu genituen. 180 lagun hurbildu ziren eta 7 zuhaitz mota landatu genituen, hauexek: gerizondoak, lizarrak, urkiak, aritzak, intxaurrondoak, ezkiondoak, eta otso-lizarrak.

 

 

 

 

Hauxe da hiru herrietan irakurritako testua:

 

Egun on eta ongi etorri guztioi

11 EGUN EUSKARAZ bihar bukatuko da. Inon idatzita jasotzen ez den arau soziala aldatzen aritu gara: nahikoa da gure ondokoak euskaraz ulertzea gu hari euskaraz zuzentzeko. Hau normala bihurtzen ari gara Ahobizi eta Belarriprest izanez. Lautadan 1582 lagunek proposamen honekin bat egin dute eta izena eman dute. Gora Lautada!

Erdaraz egiten zenuen batzuekin euskaraz egin duzu 11 egun hauetan? Bizipen onak izan dituzu kuadrillakoekin, senideekin, herriko batzuekin, lankideekin?  Ba, 12.egunean, asteartetik aurrera ere, jarraitu horiekin euskaraz.

Beti presente eduki, talde batean euskaldunak eta erdaldunak daudenean, euskaraz egitea ez da inor bazterrean uztea, ez, ez, alderantziz: euskaraz hitz eginda gure kulturaren eta hizkuntzaren ateak zabaltzen dizkiegu erdaldunei; eta, bestela ixten dizkiegu.

Pentsa zer desberdina litzatekeen herritar guztiak elebidun bizi izango bagina… 2019an KORRIKA iritsiko da. Garai ona euskararen alde egotetik euskaraz egitera pasatzeko, eta euskara ikasteko erabakia hartzeko. Animatu zuen ingurukoak, eman dezatela pausua, “klik” egiteko urtea izango da.

Euskaraldian herritarrok emandako urratsek babes-neurriak behar dituzte eta, gainera, entitate publiko zein pribatuei dagokie neurri horiek hartzea. Instituzioen erantzukizuna da epe luze eta laburrean euskararen jakintza orokorra bermatzea; baina, horretarako, lehentasuna eman beharko zaie hizkuntza-politikei. 2019an haien txanda izango da.

Gure hizkuntza portaera berriek luzaro iraun behar dute, eta luzaro irauteko gure herria eta gure bizitzarekin lotzeko zuhaitzak landatuko ditugu gaur eta hemen. Euskararen basoak  landatu eta zaindu, gure hizkuntza portaerak bezala.

Lautadan ia euskaraz bizi gara, eta euskaraz bizitzera goaz! Gora gu!