(Soziolinguistika Klusterretik hartutako albistea)

  • Azken galde-sorta hau aurreko biak (Euskaraldiaren aurretik eta ondoren) bete zituztenek bete beharrekoa da.
  • Soziolinguistika Klusterra Euskaraldiaren eragina eta ondorioak aztertzen ari da lan honen bidez.
  • Uda osterako espero dira ikerketaren emaitzak eta hainbat gune eskainiko dira hauek aurkeztu eta interpretatzeko.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra 225.154 pertsonak parte hartu zuten euskararen inguruko ariketa sozial kolektibo erraldoian. Ekimen berritzailea izanagatik eta lortutako parte hartze altuagatik, Ahobizi edo Belarriprest izan direnek nola bizitu duten eta hizkuntzaren erabileran eta ohituretan zein eragin izan duen ezagutzea funtsezkoa izango da Euskaraldiaren hurrengo edizioei eta euskararen sustapenerako beste ekimenei begira.

Soziolinguistika Klusterra ikerketa sakona aurrera eramaten ari da gaiaren inguruan; teknika kuantitatiboak zein kualitatiboak erabiliaz. Ikerketa kuantitatiboari dagokionez, partaideek erantzundako galde-sortetan oinarrituko dira emaitzak. Euskaraldia hasi aurretik bete zuten lehen galde-sorta; bukatu eta berehala bete zuten bigarrena; orain, hiru hilabete pasa direlarik, hirugarren galde-sorta betetzeko unea da. Aurreko bi galde-sortei erantzun dieten pertsonak daude hirugarrena betetzera gonbidatuta.

Galde-sortak internet bidez beteko dira. Parte hartzaileek emailez jasoko dituzte edo bestela,  https://izenematea2.euskaraldia.eus/hirugarren-galde-sorta/ helbidearen bidez egin daiteke. Edo arazoak emanez gero beste honetatik ere erantzun daiteke https://labur.eus/euskaraldia3_eus

Ikerketa kualitatiboari dagokionez, lagina osatu da ezaugarri desberdinetako herriak eta denetariko profilak dituzten herritarrekin. Horiek Euskaraldiaren antolaketa eta parte hartzean zehar izan dituzten bizipenak azalduko dituzte ikuspegi pertsonal eta subjektibotik. Guztiak kontuan hartu eta aztertuta aterako dira ondorioak.

Ikerketaren emaitza-txostenak irailaren hasieran argitaratuko dira. Gainera arduradunek aurreratu dute hainbat gune eskainiko dituztela interesa duen orok, euskararen aldeko herritar zein eragileek eta beste hizkuntza gutxituetako ordezkariek Euskaraldiaren emaitzak elkarrekin eztabaidatu eta dagozkien ikasgaiak partekatzeko. Hitzordu hauen berri hurrengo hilabeteetan emango dute Eusko Jaurlaritza, Topagunea eta Soziolinguistika Klusterrak.