ENTITATEAK: lantegiak, kolektiboak, establezimenduak, udalak, kontzejuak

Lautadan, 2018ko Euskaraldian 1582 lagun Ahobizi eta Belarriprest izan ziren. Zure lantegian, zure elkartean, dendetan… erraza izan zen Ahobizi edo Belarriprest izatea? Eta orain, erraza da?

Errazago izan behar da. Edozein entitatek erantzukizun soziala dauka hizkuntza-berdintasuna bermatzeko bere entitateko funtzionamenduan. Entitateek Ahobizi eta Belarriprest direnei erraztasunak emateko erantzukizuna daukate.

Zer egin dezake entitate batek erraztasunak emateko Ahobizi eta Belarriprest direnei?

Euskaraldia antola dezake bere entitatearen barruan. 2019-2020ko Euskaraldian mota guztietako entitateek antolatzaile izateko aukera dute, beren ekintza esparruan antolatu ahal izango dute Euskaraldia. Erabakiak, ardurak eta neurriak hartuko dituzte, eta baliabideak ipiniko dituzte errazago izan ahal izateko Ahobizi edo Belarriprest entitate horren funtzionamenduan.

Entitateek bi ariketa praktiko hauek antolatu ahal izango dute beren entitatearen barruan:
-2019an, urriak 21-27, Lautadan simulakroa
-2020an, azaroak 20-abenduak 4, Euskaraldia

-Ahobizi eta Belarriprest diren zuen bezeroei euskaraz eskatzeko aukera ematen diezue?

-Euskaraz ulertzen duten langileei proposatu diezue Ahobizi edo Belarriprest izatea lan orduetan?

– Zuen elkarteko bileretan Ahobizi eta Belarriprest daudenean, erabaki duzue zein hizkuntzatan egitea bilerak?

-Zuen udal atal batzuetan ez dute guztiek euskaraz ulertzen, euskara ikasteko aukera eman diezue hurrengo Euskaralidan Belarriprest izan ahal izateko?

-Zuen kirol klubean, guztiek euskaraz ulertzen duten taldeetan, zergatik ez proposatu Euskaraldian entrenamenduak euskaraz izatea?

Zuen klubean, elkartean, lantegian, erakundean, establezimenduan edo kontzejuan Ahobizi eta Belarriprestei erraztasunak emateko neurriak hartzea erabaki baduzue Euskaraldia antola dezakezue. Jar zaitezte gurekin harremanetan, 2019-2020ko Euskaraldia zure entitatean antolatzen lagunduko dizugu.

Ikusi bideoa. Euskaraldia edozein entitate baten barruan antola daiteke.