ENTITATEAK: lantegiak, kolektiboak, establezimenduak, udalak, kontzejuak

 

 

 

 

 

 

Deskargatu diptikoa: 2020 Euskaraldia entitateen diptikoa

Deskargatu Lautadako entitate batean Euskaraldia antolatzeko txostena (6 orrialde): 2020-02-02 entitateetan proposamena

Deskargatu Euskaraldiko txosten laburtua (28 orrialde): 2019-06-01 Euskaraldia 2019_2020_TXOSTEN LABURTUA tx 2M

 

 

Zer egingo dugu?

2018ko Euskaraldian hizkuntza ohituren aldaketan norbanakoek erabaki pertsonalak hartu zituzten. 2019-2020ko edizioan pausu berriak emango ditugu eta norbanakoek ez ezik, entitateek (publikoak eta pribatuak) ere neurriak hartuko dituzte, ondorengo hizkuntza-arau berriak aldatzeko edo finkatzeko:
-Ulertzen duenari euskaraz egitea nahiz eta solaskideak erdaraz erantzun.
-Ezezagunei lehenengo hitzak euskaraz egitea.
-Talde erdaldunetan ere, ulertzen dutenekin euskaraz egitea normala izatea.

Ariketa data honetan izango da: 2020an, azaroak 20-abenduak 4 (15 egun), Euskal Herri osoan Euskaraldia

Zergatik entitateetan?

Lantegiek, establezimenduek, kolektiboek, ikastetxeek, instituzioek… edozein entitatek erantzukizun soziala dauka hizkuntza-berdintasuna bermatzeko bere entitateko funtzionamenduan; entitateek Ahobizi eta Belarriprest direnei erraztasunak emateko erantzukizuna daukate, ariguneak sortzeko, aktibatzeko eta babesteko erantzukizuna dute.

Eremu antolatu eta finkoetan, hau da, taldeetan hartutako erabakiek bertako kide guztiei zuzenean eragiten diete, baita ingurukoei ere, zeharka. Taldean hartutako erabakiak eragin handikoak dira.

Zer lortu nahi dugu?

Gizarte mailan hiru hizkuntza praktika berriak normalizatu nahi ditugu.

Hizkuntza praktika berri hauek entitateek ere normalizatzea nahi dugu. Entitateetan:
-kide guztiek euskaraz ulertzen duten taldeak identifikatuta, hizkuntza praktikak euskara alda ditzaten edo finka ditzaten. (Ikusi barne-arigunea ariketa)
-Herritarrekiko harremana duten entitateek aukera eman dezaten euskaraz aritzeko. (Ikusi kanpo-arigunea ariketa)
-Entitateek erabakiak har ditzaten barne edota kanpo ariguneak edukitzeko epe motz edo ertain batean.

Nola egingo dugu?

2018ko Euskaraldian bezala, norbanakoek izena emango dute eta belarriprest eta ahobizi roletan arituko dira: norbanako gisa edota arigunetan. Entitateek ariguneak sortzeko, aktibatzeko eta babesteko erantzukizuna dute. Arigunerik ez badute norbanakoak sortzeko, aktibatzeko eta babesteko erantzukizuna dute.

ARIGUNEA

Euskaraz lasai aritzeko taldea edo gunea da.
Taldea denean, talde horren kide GUZTI-GUZTIEK euskaraz ulertzen dute. Edo gunea denean, gune horretan BETI dago euskaraz ulertzen duen norbait.
Ariguneetan belarriprest eta ahobizi izatea askoz errazagoa da.
Entitateek sustatu ahal dituzte ariguneak beren entitateko kideen adostasunarekin.
Entitate batean bi arigune mota egon daitezke:

 

BARNE-ARIGUNEAK

Lantegiak, establezimenduak, kolektiboak, ikastetxeak, instituzioak… edozein entitate talde txikiagoetan antolatuta daude: sailak, atalak, ekipoak, sekzioak, zerbitzuak… talde hauek gutxienez bi lagunez osatuta. Entitateko funtzionamenduan dagoeneko existitzen den horietako talde batean aktibatu daiteke arigune bat.

Horretarako, talde horretan kideen %100ak euskaraz ULERTU behar du. Hau da betebeharreko baldintza: guztiek euskaraz ulertu behar dute. Talde horren kideei proposamena egiterakoan kideen %80a ados badago ahobizi edo belarriprest roletan parte hartzearekin Euskaraldiak irauten duen bitartean.

Beraz, arigune honen helburua hizkuntza praktikak euskarara aldatzea da, edo dagoeneko euskaraz egiten badute ohitura hori finkatzeko balio du.

 

 

 

KANPO-ARIGUNEAK

Bigarrena arigune mota, entitatean herritarrekiko harremana egiten duen gunea da: dendaria, telefonoa hartzen duena, harrerakoa, entitatearen arduraduna edo ordezkaria… Gune horretan dagoen pertsonak euskaraz ulertzen badu arigune bat sortuko du herritarrekin edo bezeroekin.

Entitateak bermatu behar du Euskaraldiak irauten duen egunetan, UNEORO, herritarrekin harremana egingo duen kidea belarriprest edo ahobizi izango dela.

 

 

 

 

Arigunerik ez daukaten entitateek ezin izango dute ariketa egin entitate gisa. Izena eman dezakete eta antolakuntzak neurri sorta bat proposatuko die aurre-pausuak eman ditzaten eta hurrengo edizioetan ariguneak eduki ahal izateko.

 

Zer egin behar du hizkuntza arauak aldatu nahi dituen entitate batek?


Euskaraldian parte hartu nahi duten entitateek ardura hartuko dute haiek beraiek hurrengo urratsak emateko:

Euskaraldian parte hartu nahi duten entitateek ardura hartuko dute haiek beraiek hurrengo urratsak emateko:

 

1.- PROPOSAMENA AZTERTU ETA PARTE HARTZEKO ERABAKIA HARTU (2019 ekaina-2020 uztaila)
Entitateak Euskaraldian parte hartzeko gonbidapena jasoko du. Bideak hainbat izan daitezke (herriko batzordearen bisita, gutuna, aurkezpena, prentsa, ezagunak, foroak…). Proposamena aztertu eta Euskaraldian parte hartuko duen edo ez erabaki beharko du. Egin beharreko galdera hauxe da: Gure entitatean hizkuntza praktika berriak normalizatu edo finkatu nahi ditugu?

Erabakia entitatearen aginte organoetan hartu behar da: elkarte baten zuzendaritzan, lantegi baten administrazio gerentzian, kooperatiba baten batzordean, ikastetxe baten klaustroan…

 

2.- KIDEEN EUSKARAREN EZAGUTZA AZTERTU (2019 urria-2020 uztaila)
Euskaraldian izena eman aurretik, entitateak bere kideen euskararen ezagutza aztertuko du; horrek esango dio arigunetan ariketa egin dezakeen edo neurriak hartu behar dituen. Entitatearen egituran dauden sailak, atalak, funtzionamendurako taldeak zehaztu eta kide horien euskararen ezagutza argitu beharko du: elkarrizketa arrunt bat ulertzen dute?

Sail bat, klubeko talde bat, mekanikoen taldea, zuzendaritza, entitatearen atal bat… hau da, entitateko barne funtzionamenduko talde bateko kide guztiek euskaraz ulertzen dute? Baietz bada barne-arigune bat aktibatzeko aukera dauka. Barne-arigunearen gutxieneko kide kopurua bi dira.

Entitate batzuek (dendak, zerbitzu enpresak, instituzio publikoak…) herritarrekin harremana daukate, eta espazio bat sortzen dute harremanetan jartzen den aldiro. Ariketak irauten duen bitartean entitateak herritarrekiko harremanetarako espazioetan uneoro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela ziurtatu ahal du? Herritarrei begira dagoen entitateko belarriprest batek barne-arigune bat sortzen du bezeroarekin edo herritarrekin. dituen. Entitateko kide batek ere kanpo-arigune bat sortzen du.

Entitate bat handia denean komeni da euskara ezagutzaren datuak idatzita jasotzea.
Datu hauek entitatearentzat izango dira, bere barneko azterketarako, Euskaraldiko antolakuntzak ez dizkio eskatuko entitate gisa izena emateko momentuan.

 

 

3.- KIDEEKIN ADOSTU (2019 urria-2020 uztaila)
Entitateko arduradunak atal edo talde horren kideei proposamena egingo die Euskaraldian parte hartzeko.

1.kasua: Barne arigunea eduki dezakeen entitateak ariketan parte hartzeko adostasunera heldu beharko du entitatean barne arigunea osatzen duten kideekin. Talde hori edo horiei bakarrik egingo zaie proposamena, ez entitate osoari. Talde horretan egin beharreko galdera hauxe da: Euskarara aldatu (edo finkatu) nahi ditugu gure arteko hizkuntza praktikak Euskaraldiak irauten duen bitartean? Arigunea osatzeko, erabaki kualifikatua proposatzen da; hots, ariguneko kideen %80k, gutxienez, baietz esan beharko luke Euskaraldian arigune-eremu gisa, erabaki kolektiboan talde gisa parte hartzeko.

2.kasua: Entitatean herritarrekin harremana duen pertsona belarriprest edo ahobizi bada edo harremana egiten duen taldean belarriprest edo ahobizi badaude arigunea sor daiteke. Horretarako entitateak kide horiei proposatuko die eta kideak ados egon beharko dira. Egin beharreko galdera zera da: Bermatu ahal dugu Euskaraldiak irauten duen bitartean belarriprest edo ahobizi bat egongo dela uneoro herritarrekin harremanetan? Belarriprest edo ahobizi izateko erabakia pertsonala izango da baina erabakia kolektiboa izango da, erabakiak talde horren egutegia edo txandei eragin ahal die bermatu nahi badute uneoro.

Erabaki kolektiboa garrantzi handiko erabakia da. Erabaki kontzientea izan behar da. Ariketa egunak irudikatu behar dira, zailtasunak egongo dira: inertziak, ohiturak, erosotasuna, gaitasun falta…

Proposamena egitean eta erabaki kolektiboa hartzean ondorengo puntuak kontuan izan beharko ditu:
• Arigunea osatzen duten pertsonen erabaki pertsonala izango da ariketan parte hartzea.
• Pertsona bakoitzak erabakiko du arigunearen barruan ahobizi edo belarriprest rola izango duen. Aukeraketa egitean kontuan izan beharko du rol bakarra izango duela Euskaraldiak irauten duen bitartean, entitate barruan zein kanpoan.
• Adostasuna ahalik eta modu esplizituenean jasotzen saiatu. Ariguneetan ariketa modu kolektiboan egingo den arren, kide bakoitzaren erabaki pertsonala izango da era horretan parte hartzea. Guztien iritzia jaso dela egiaztatu behar da, beraz.

3.kasua: Arigunerik ez duen entitateak ezin izango du parte hartu entitate gisa. Baina euskaraz ulertzen duten kideei proposatu ahal izango zaie belarriprest edo ahobizi izateko. Eta horrela entitate gisa izena emateko galdeketan (4.pausua) adierazi ahal izango du ariguneak sortzeko neurriak (ikusi 5.pausua) hartzeko prest dagoela eta bere kideei proposatuko diela norbanako gisa parte hartzeko. Beraz, kide horiek ahal duten kideekin izan dira belarriprest edo ahobizi, 2018an bezala. Entitateak proposatu eta kideak ados egon behar du, erabaki pertsonala delako.

 

4.- IZENA EMAN (2019 azaroa-2020 uztaila)
1. eta 2.kasua: Entitateak ezagutzaren azterketaren emaitzen arabera (arigune posiblerik bai ala ez) eta kideekin lortutako adostasunen arabera, arigune bat badauka izena emango du entitateak Euskaraldian, hemen: https://euskaraldia.eus/ariguneak/entitateen-izen-ematea/. Entitateak Euskaraldiko prozesua aurrera eramateko arduradun bat izendatu beharko du, arduradun horrek burutuko du entitatearen izen ematea, antolakuntzari ondorengo datuak  emanez:

-Entitatearen izena, helbidea, arduradunaren izen-abizenak eta kontaktua
-Barne-arigune kopurua
-Kanpo-arigune kopurua
-Arigunetan parte hartuko duten kide kopurua

Arigune bat duten entitateen izen ematea publikoa egingo da.

3.kasua: Entitateak arigunerik ez badauka baina ariguneak sortzeko neurriak hartzeko prest badago izena eman ahal izango du plataforma horretan, adieraziz ariguneak sortzeko neurriak hartzeko prest dagoela eta bere kideei proposatuko diela norbanako gisa parte hartzeko. Kasu honetan entitate hauen datua ez da publikoa egingo.

Izena eman ondoren Euskaraldiko intraneterako sarbidea edukiko du eta hor eskura edukiko du hainbat euskarri komunikatibo formatu digitalean, dokumentazio, formakuntza aukerak, foroak…

5.- NEURRIAK HARTU (2019 azaroa-2020 iraila)
Ariguneak eduki ala ez, izena eman ondoren eta ariketaren datak iritsi aurretik urrats hauek ematea komeni da:
• Beste entitateei Euskaraldian izena eman dutela jakinarazi eta entitateko kideei parte nola har dezaketen azaldu.
• Kideei ariketarako prestatzeko tresnak eskura jarri.
• Ariguneak eta parte-hartzaileak identifikatu (euskarri fisikoak).
• Entitatearen barrura edo kanpora begira ariguneak helburua izanik (ariguneak sortu, aktibatu, babestu) aukerazkoak diren bestelako neurriak martxan jarri:

1.- Ariguneak aktibatzeko baldintzak SORTU
1.1.- Euskaraz ulertzen ez dutenei euskara ikasteko baliabideak bilatu (diru-laguntzak…) eta eskaini.
1.2.- Talde batean nahiz eta kide guztiek euskaraz ez ulertu, euskaraz ulertzen duten kideei proposatu belarriprest eta ahobizi izateko, eta horiek aktibatzeko neurriak hartu: biko harremanak sustatu (mintzagrama tresna), bileretan hizkuntza kudeaketa berriak adostu (xuxurlariak, elebiduna…), hizkuntzen pedagogia egin, ulertzen dutenak identifikatu.
1.3.- Euskaraz ulertzen duten kideak kanpo ariguneak sortzeko bideratu. Garrantzi handikoa dira entitate baten harrera gunea eta harrera egiten duten pertsonak: lehenengo hitzak, telefonoa, erantzungailua, megafonia, kanpora begirako harremanak…
1.4.- Entitatera edo atal batera kide berria etortzean edo kontratazio berriak egitean belarriprest eta ahobizi direla bermatu, eta entitateak hizkuntza praktiken inguruan hartutako konpromisoaren berri eman.
1.5.- Euskaraz hitz egin nahi duenaren eta erdizka ulertzen duenaren arteko harreman komunikatiboari irtenbide eman: mintza-praktika tarteak sustatu, ohiko esaldi batzuk ikasi, euskara eta erdara tartekatzeko proposatu (Ulerrizketa metodologia).

2.- Ariguneak AKTIBATU
2.1.- Kide guztiek euskaraz ulertzen duten taldeen kideei proposatu eta adostu hizkuntza arau berriak praktikara eramatea, Euskaraldian edota Euskaralditik kanpo, belarriprest eta ahobizi rolen bitartez.
2.2.- Talde baten kideen arteko harremanetan hizkuntza arau berriak gauzatzeko egon daitezkeen zailtasunak gainditzeko baliabideak jarri: hiztegi teknikoen erabilera, bileretan hizkuntzen kudeaketa, guneak identifikatu, megafonia, 1.hitzen garrantzia…
2.3.- Herritarrei edo bezeroei begira, lehenengo hitza euskaraz egiteko irizpideak zehaztu (aurrez aurre, telefonoz, erantzungailua…). Horren berri, kideei banaka eman.
2.4.- Euskaraldiak irauten duen bitartean edo bukatzean ariguneak osatzen dituzten kideekin dinamika sortu esperientziaren auto-kudeatzeko, hizkuntzen erabileraren inguruko zailtasunak zein indarguneak identifikatuz, erabilera indartzeko helburuak berrikusiz.

3.- Ariguneak BABESTU
3.1.- Entitatera edo atal batera kide berria etortzean edo kontratazio berriak egitean belarriprest edo ahobizi direla bermatu.
3.2.- Entitaterako kontratatzen diren kanpoko zerbitzuetako pertsonak belarriprest edo ahobizi direla bermatu.
3.3.- Entitatera edo atal batera kide berria etortzean entitateak hizkuntza praktiken inguruan hartutako konpromisoaren berri eman kideei.

 

Pauso honen jarraipenik ez da egingo Euskaraldiko batzordeetan. Entitateen erantzukizuna izango da lana kalitatez gauzatzea. Intraneten baliabide kutxa bat jarriko da lan horiek guztiak behar bezala egin ahal izateko tresnekin (aurrez aipatutako prestakuntza tresnak edo ariketaren inguruko informazio eta gomendioak, kasuko).

 

6.- ARIKETA
Eta 2020ko azaroak 20-abenduak 4 (15 egun) Euskal Herri osoan Euskaraldia.

2018an bezala herritarrek norbanako gisa aukeratu beharko dute ahobizi edo belarripresten jokaerak. Ariketa egunetan bere bizitzako arlo guztietara eramango dituzte jokaera horiek, baina 2019an eta 2020an ariguneek ematen duten babespean ariketa egin ahal izango dute; bere lantokian, elkartean, dendetan… arigunerik badago.

Arigune bat duen entitateak ariketa egin dezake entitate gisa. Arigunerik ez duten entitateetan norbanakoek egingo dute ariketa, ez entitateak.

 

 

7.- NEURRIAK EGONKORTU
Behin ariketa bukatuta, entitateak aztertu beharko du hartutako zein neurri mantendu ditzaken eta zein neurri berri hartzeko prest dagoen etorkizunari begira. Entitate batean ariguneak dira helburua: ariguneak sortu, aktibatu eta babestu. (Ikusi 5.pausuan horretarako agertzen diren neurriak)

 

 

Zuen klubean, elkartean, lantegian, erakundean, establezimenduan edo kontzejuan Ahobizi eta Belarriprestei erraztasunak emateko Euskaraldia aurrera eramateko ardura hartu nahi baduzue jar zaitezte gurekin harremanetan, 2019an eta 2020an lagunduko dizugu.

Ikusi bideoa. Euskaraldia edozein entitate baten barruan antola daiteke.