Lautadako entitateei Ahobizi-Belarriprest metodologiaren sustatzaile izatea proposatzen hasi gara. Hau da, beren kide, langile, bazkideen artean izen ematea sustatzea proposatu diegu, eta partaide horiek ondo prestatzea Ahobizi eta Belarriprest portaera berrietan.

Hasi dira ikusten han eta hemen pegatina identifikatzaileak; kolektiboak, establezimenduak, lantegiak eta erakunde publikoak. Jendearen aurrean zerbitzu bat ematen duten entitateen kasuan, sustatzaile izateko beharrezkoa da Ahobizi bat edo Belarriprest bat egotea entitate horretan. Horrela bada, identifikatuko da zera esaten duen pegatinarekin: “Hemen Belarriprest eta Ahobiziak aurki ditzakezu”. Honek esan nahi du, entitate horretan, gutxienez, badagoela Ahobizi edo Belarriprest bat, eta, azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte, pegatina identifikatzaile hau ikusten den entitatean sartzean, aurkitu ahal izango duzula norbait Ahobizi edo Belarriprest txaparekin.

Gomendio eman nahi dizuegu, identifikatuta dauden estabelezimendu horietan hizkuntza-portaera berriak praktikatzen hasteko, artatuko zaituztenak txaparekin oraindik identifikatuta ez badaude ere; lehenengo hitza gure identifikaziorik hoberena da!

Ahobizi-Belarriprest metodologia sustatzaile diren entitateak baduzu.eus web gunean ikusgai egongo dira. Web gune honen arduradunekin bilera eginda, laster hasiko gara datuak publikoak egiten.

Talde on bat osatu da Lautadako entitateei bisitak egiteko. Dulantzi, Asparrena eta Aguraingo batzorde kideak horretan ari dira.

Zuen klubean, elkartean, lantegian, kolektiboan edo establezimenduan Ahobizi-Belarriprest metodologia sustatzeko interesa baduzue jar zaitezke gurekin harremanetan, horretan lagunduko dizuegu.