Asparrenean Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimenaren lehen hamaikakoa aurkeztu dugu. Araian, euripean baina giro onean, ekimenaren enbaxadore izango den lehen hamaika lagunen taldea agertu da lehenengoz. Hamaikako hau eta agerraldia baliatu dugu azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den ariketa sozialean parte hartzeko deia egiteko.

 

 

11 egun horietan Ahobizi-Belarriprest metodologia praktikan ipiniko da. Ahobizi izango dira euskaraz ulertzen duten guztiei beti euskaraz egingo dietenak. Eta Belarriprest izango dira euskara ulertzen dutenak eta eskatzen dutenak haiei euskaraz hitz egiteko, nahiz eta erdaraz erantzun.

Ekitaldia Marivega Lopez de Arbinak eta Jose Antonio Markinezek bideratu dute. Aurkeztutako Asparreneko 11 lagun hauek banan banan azaldu dute zergatik diren belarriprest edo ahobizi. Hona hemen nortzuk osatzen duten Asparreneko Hamaikakoa eta bakoitzak hartuko duen rola:

-Cristina Mendijur, Ahobizi izango da.
-Imanol Egileor, Ahobizi izango da.
-Ane Gine, Ahobizi izango da.
-Poldo Vieites, Belarriprest izango da.
-Carlos Lezea, Belarriprest izango da.
-Nahia Corchero, Ahobizi izango da.
-Idoia Mendia, Belarriprest izango da.
-Juanjo Lapuente, Belarriprest izango da.
-Josu Murguialday, Belarriprest izango da.
-Eva Garcia de Albeniz, Ahobizi izango da.
-Jone Duran, Ahobizi izango da.

Hamaika lagun hauek euskararen aktibazioa sustatzeko urratsa ematea erabaki dute eta herritarren izen ematea aktibatzeko lehen deia egin dute. Ekimenaren berri emango diete ingurukoei, izan ere, ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek ere ahobizi eta belarriprest rolen bitartez euren hamaikako propioak osatzea gomendatzen da. Hauxe da, euskarazko harremanak izateko eta inertziak astintzeko Euskaraldiak proposatzen duen formula.

Aurkezpenean azaldu dugu zer egin behar duten herritarrek ariketa sozial honetan parte hartzeko. Hauexek dira eman beharreko pausuak:
-proposamena aztertu
-prestatu zure hizkuntza portaerak aldatzeko: ikastaro edo tailer batera joan
-erabakia hartu
-eman izena ahobizi edo belarriprest bezala
-proposatu zure ingurukoei
-11 egun horietan txapa erabiliz hizkuntz portaera berriak erabili

Araian Euskaraldiaren talde eragilea lanean gaude, herritarrak eta udala elkarlanean. Talde honekin batera udalerriko beste 5 Batzar Administratiboetan onartu da metodologia hau sustatuko dutela. Lautada mailako ekimena izanik, elkarlanean eta koordinatuta ari gara urratsak ematen.

Gaurtik aurrera, Asparrenean, 3 prozesu ipiniko dira martxan: izen-emate kanpaina, herritarrak prestatzekoa eta metodologiaren sustatzaileak lortzekoa. Begiratu agenda. Ekaina eta uztailean tailer eta ikastaro ugari antolatuta daude, norbera ondo prestatzeko eta izena eman ahal izateko.

Asparrenean bagoaz!