Agurainen Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimenaren lehen hamaikakoa aurkeztu dugu. Ekimenaren enbaxadore izango den lehen hamaika lagunen taldea, Agurainen egindako aurkezpenean agertu da lehenengoz. Hamaikako hau eta agerraldia baliatu dugu azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den ariketa sozialean parte hartzeko deia egiteko.

11 egun horietan Ahobizi-Belarriprest metodologia praktikan ipiniko da. Ahobizi izango dira euskaraz ulertzen duten guztiei beti euskaraz egingo dietenak. Eta Belarriprest izango dira euskara ulertzen dutenak eta eskatzen dutenak haiei euskaraz hitz egiteko, nahiz eta erdaraz erantzun.

Ekitaldia Aguraingo Natalia Lafuentek eta Maiteder Sasietak bideratu dute. Biak 75 Ordu Euskaraz ekimenaren antolakuntza kide izan ziren 2016an. Izan ere, 2016tik Euskal Herriko hainbat herritan antolatutako aktibazio ekimen horietatik dator aurtengo Euskaraldia; ariketa herrikoiak izan ziren eta oso arrakastatsuak antolatu ziren herrietan.

Aurkeztutako Aguraingo 11 lagun hauek banan banan azaldu dute zergatik diren belarriprest edo ahobizi. Hona hemen nortzuk osatzen duten Aguraingo hamaikakoa eta bakoitzak emandako arrazoiak konpromiso berriak hartzeko:

Natalia Castro Asurmendi. “Belarriprest izango naiz. Gure hizkuntza zaindu, gozatu, mintzatu eta batez ere, maitatu behar dugulako“

Belen Beraza Gorospe. “Ahobizi izango naiz. “euskal-duna” naizelako eta Euskal Herri “euskara-duena” behar dudalako“

Pablo Hernani Gil. “Belarriprest izango naiz. Etxean euskaraz bizitzeko hartu genuen erabakia publikoa egin nahi dut, eta orain kalera eraman nahi dut.“

Ana Luzarraga Quintana. “Belarriprest izango naiz. Ahobizi izateko ikasten ari naiz, euskaraz bizi nahi dudalako. Ekimen honetan parte nahi dut euskara gehiago erabiltzeko.“

Eki Imaz Ruiz de Egino. “Ahobizi izango naiz. Euskara gehiago erabili nahi dut, gizarte euskaldun batean bizi nahi dudalako. Denok batera, lortu dezakegu.“

Jesus Angel Urrutia Martos. “Belarriprest izango naiz. Euskaraz hitz egiten duen jendeari aukera eman nahi diot euskaraz aritzeko“

Karlos Iturriaga Arrabal. “Ahobizi izango naiz. Euskaldunok egiten gaituena ez delako lurraldea, ezta banderak, ikurrak, edo abizen bat. Euskaldunok egiten gaituen altxorra euskararen erabilera da.“

Kawthar Belfdal Maamar. “Ahobizi izango naiz. Beti erdaraz hitz egiten dut, ikastetxean izan ezik. Herrikoekin hitz egin nahi dut, horrela, bestei euskaraz aukera emango diet eta nire euskara hobetuko dut“

Jone Otxoa Saenz de Valluerca. “Ahobizi izango naiz. Nire ingurua euska(ahal)dundu nahi dut, nigatik hasi eta mugarik gabeko mundura zabalduz, euskara baita gure territorio libre bakarra.“

Marta Madrazo Castro. “Belarriprest izango naiz, euskaldunen arteko komunikazioa errazteko.“

Beñat Oribe Garmendia. “Belarriprest izango naiz. Nire inguruan euskaraz aritzeko erraztasunak eman nahi ditut.”

Hamaika lagun hauek euskararen aktibazioa sustatzeko urratsa ematea erabaki dute. Ekimenaren enbaxadore izango dira, eta herritarren izen ematea aktibatzeko lehen deia egin dute. Ekimenaren berri emango diete ingurukoei gainera. Izan ere, ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek ere ahobizi eta belarriprest rolen bitartez euren hamaikako propioak osatzea gomendatzen da. Hauxe da, euskarazko harremanak izateko eta inertziak astintzeko Euskaraldiak proposatzen duen formula.

Aurkezpenean azaldu dugu zer egin behar duten herritarrek ariketa sozial honetan parte hartzeko. Hauexek dira eman beharreko pausuak:
-proposamena aztertu
-erabakia hartu
-eman izena ahobizi edo belarriprest bezala
-proposatu zure ingurukoei
-prestatu zure hizkuntza portaerak aldatzeko: ikastaro edo tailer batera joan
-11 egun horietan txapa erabiliz hizkuntz portaera berriak erabili

Agurainen Euskaraldiaren talde eragilea lanean gaude, herritarrak eta udala elkarlanean. Gaurtik aurrera, Agurainen, 3 prozesu ipiniko dira martxan: izen-emate kanpaina, herritarrak prestatzekoa eta metodologiaren sustatzaileak lortzekoa. Begiratu agenda. Maiatza eta ekaina tailer, ikastaro eta ekitaldiz beteta dator.