Aurtengo Euskaraldiaren balorazio positiboa egiten dugu, eta martxotik aurrera bizi izandako egoera berri honen aurrean Euskaraldia antolatu ahal izatea lorpen bat izan dela uste dugu. Parte-hartze datuak eta ariketa antolatzeko ibilbidea, ez dira hasiera batean aurreikusitakoak izan. Hala ere, Euskaraldiak, beste behin, euskara erdigunera ekartzeko aukera eskaini du, batez ere, udazkeneko azken hilabete hauetan, eta, bereziki, ariketak iraun duen egunetan zehar.

Jakina da urruntze sozialak eragin diola aurtengo ariketa sozialari eta antolaketa prozesua zaildu duela. Bilerak, bisitak, desplazamenduak, mahai-informatiboak, tailerrak, antolatzaile eta parte-hartzaileen arteko kohesioa, material ezberdinen banaketa… antolakuntzarako funtsezkoak diren baliabide asko ezin izan dira behar bezala bideratu. Egoerari aurre eginez, 2018tik Lautadako antolakuntzan aritzen diren ia 80 lagunek gogotsu jardun dute. Gainera, Lautada koordinatzen aritu den 12 laguneko taldeak, Euskal Herriko antolakuntzarekin batera, egunez egun aldakorra zen egoerara egokitzen saiatu da.

Pandemiak sortutako aldarteak parte-hartzeari eragin dio, eta 2018an baino herritar gutxiagok eman dute izena. Hala ere, egoera kontuan hartuta, Euskaraldiak parte-hartze zabala izan du Lautadan: ariketan 1.004 lagun aritu dira: 584 ahobizik eta 420 belarriprestek jantzi dute txapa soinean. Horietatik 650 emakumezkoak izan dira, 345 gizonezkoak eta 9 ez binarioak. Izena eman dutenen artean, gainera, 137 lagun berri zenbatu dituzte, hau da, 2018ko Euskaraldian parte hartu ez zuten herritarrak. Aurtengo berrikuntza nagusia izanik, 71 entitatek eman dute izena arigune bezala. Modu horretan, beraien guneetan ahobizi eta belarriprestei erraztasunak emateko asmoa adierazi duten eragileak ugariak izan dira. Orotara, Lautadako 483 lagunek parte hartu dute arigune horietakoren batean, era kolektiboan.

Ariketaren eragina zenbatekoa izan den jakiteko, halere, ikerketaren emaitzak jaso arte itxaron beharko da. Argi dago, harreman kopuru txikiagoa izan dela, eta egunerokoan elkarren arteko tratuan aritzeko aukerak mugatuta egon direla. Oztopoak oztopo, Euskaraldia egin da, eta, egoera honetan egin ahal izatea ez da gutxi.